Gose musika talde arrasatearrak lan berria kaleratu du

2011(e)ko Abenduak 12 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Gose talde arrasatearrak lan berria kaleratu du eta baita, kantuarekin bat, bideoklip berria ere. Abesti berriaren erritmora, lortuko al dugu Arrasateko orriko erronka betetzea?

Facebookeko Arrasateko orrian 500 lagun batzeko erronka bota genizuen uda garaian. Muga lez, Maritxu Kajoi 2011 ezarri genuen eta gertu-gertu ibili arren, azkenean ez ginen heldu. Orain egun gutxi, berriz ere ekin diogu! Burugogorrak gara eta urtea amaitu baino lehen lortuko dugu! Gaur, 414 lagunek ‘Atsegin dut‘e Arrasateko orria, zer dira ba 86 gehiago? Igarri dadila…

Arrasate-Mondragon | Gose taldearen Des-piezak lan berria

Arrasate-Mondragon | Gose taldearen Des-piezak lan berria

Bestalde, aurreko astean, Durangoko azokarekin bat ezagutu genuen albistea; Gose musika talde arrasatearrak lan berria kaleratu du: Gose Des-piezak. Orain arte kaleratutako diskoetan sartu gabe gelditu zaizkien kantuez osatu du lan berria eta aurkezpen kanta bideoz ere lagundu dute. Hona hemen, Goseren bideoklipa. Naizena izateko bidean, inor ez da axolgabe geratuko…

Gaurkoz besterik ez, jakizue datorren astean berriz ere bilduko ditugula Arrasateko Facebookeko orrian esandako guztiak. Orain, zuena da hitza! Elkarbanatu albisteak, argazkiak, kexak, iradokizunak… nahi duzuena. Parte hartu! Bitartean, ongi hasi eta ongi pasa astea ;-) Laster arte!

Arrasatek festa handi batekin ospatuko du 2011ko Euskararen Eguna

2011(e)ko Azaroak 30 Jesus Elordui Iruzkinik ez

Arrasatek festa handi batekin ospatuko du larunbatean, abenduaren 3an, Euskararen Eguna; egun horretarako aurreikusita dauden ekitaldiak eta Esne Beltza taldeak prestatutako abestia errepasatuko ditugu, hemendik aurrera, Arrasatek Facebooken duen orrialdearen hesiari begirada bat bota ostean.

Euskararen Eguna, goian gogoratu dugunez, larunbatean ospatuko dugu, abenduaren 3an. Arrasateko Euskalgintzak, hementxe irakurri ahal dugunez, geure hizkuntzaren aldeko festa antolatu du, egun horretarako, “Euskaraz bizi nahi dut” lelopean. Hain zuzen ere, bihar bertan hasiko dira ekitaldi bereziak herrian, larunbateko jaia behar bezala ospatu ahal izateko. Lipdub bat grabatuko da egun horretan, 12:00etatik aurrera, herriko balkoiak eta leihoak euskararen aldeko oihalez jantziko dira, herri bazkaria izango dugu… Primerako eguna izango da! Aldarrikapena, festa eta euskara ahoan!

Arrasateko orrian atzo aipatu genuen moduan, Esne Beltza taldeak abesti bat prestatu du Euskaraz bizi nahi dut kanpaina osorako. Bere titulua, nola ez, “Euskaraz bizi nahi dut” da… Benetan ederra da! Aizue, hau bera izango al da larunbatean grabatuko den lipdubeko kantua?

Gaur arratsaldeko ekitaldi baten berri eman nahi dizuegu jarraian; Maialen Lujanbio bertsolaria elkarrizketatuko du Uxue Alberdik, Kultur Ateko Areto Nagusian, “Emakumeak protagonista” programaren barnean. 19:00etan dugu hitzordua, eta ondorengo hauxe da, orrialdean partekatu dugun bezala, plan eder hau iragartzen duen kartela:

Maialen Lujanbio arratsalde honetan bertan egongo da gurean.

Arrasate | Maialen Lujanbio arratsalde honetan bertan egongo da gurean.

Bukatu baino lehen, gogorarazi nahi dizuegu Arrasateko blog honetan biltzen ditugun testu guztiak zuen posta elektronikoan jasotzeko aukera duzuela, Arrasateko blogerako harpidetza eginez gero. Oso erraza da, eta, jakina, herrian gertatzen denaren berri izateko modurik onena da, animatzea espero dugu ;-) .

Horrexekin amaituko dugu gaurkoz; eskerrik asko, beti bezala eta egun gutxi barru izango dugu elkarren berri, berriro, blog honetan. Agur bero bat, eta ondo izan!

Amaiurren garaipena eta Pedro de Viteriren bizitza, hizpide Arrasaten

2011(e)ko Azaroak 23 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Amaiurren garaipena Arrasaten, A20ko hauteskundeetan, eta Pedro de Viteri filantropo arrasatearraren bizitza kontatzen duen liburuaren aurkezpena, horiexek izan dira gai nagusi asteon Arrasate-Mondragoneko orrialdean. Xehetasunak jakin nahi? Segidan….

2011ko hauteskunde orokorrak zuzenean jarraituko genituela iragarri genizuen joan den astean eta halaxe egin genuen A20an. Arrasateko emaitzak nahiko arin jakin genituen: Amaiurrek jaso zituen boto gehien, 4.800 pasatxo zehazki. PSOE izan zen bigarren indar, eta EAJ, hirugarren. Espero zitekeen emaitza, ezta? Zer balorazio egiten duzue?

Gaiz erabat aldatuz, Eutsi Mondrak partekatutako hitzordu bat hartu behar dugu ahotan. Pedro de Viteri filantropo arrasatearraren bizitzaren nondik norakoak liburu batean bildu dituzte. Arrasatear baten ibilerak, arrasatear batzuek kontatuta. Izan ere, Ana Isabel Ugalde, Arantza Otaduy, Juan Ramon Garai eta Javier Balanzategi herriko historialariek egindako ikerketa batean du oinarri. Datorren asteartean, hilaren 29an, aurkeztuko dute Donostian eta Arrasaten bertan. Hemen dituzue hitzorduaren inguruko xehetasunak. Guk gertutik jarraituko dugu gaia, ea aleren bat eskuratzerik dugun!

Bada bi gaiok aztertuta, gaurkoz bukatu dugu laburpena. Datorren astean itzuliko gara herriko gai gehiagorekin. Ordura arte, ondo segi eta partekatu zuen edukiak Arrasateko orrialdean eta blog honetan bertan. Aupa Arrasate!

Haustekunde orokorren emaitzak Arrasaten

2011(e)ko Azaroak 20 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Amaiur izan da alderdirik bozkatuena 2011ko hauteskunde orokorretan Arrasaten, 4.805 boto eskuratuta (%40,75). PSE-EE (PSOE), 2.607 bozekin (%22,11), da bigarren indar. EAJk 2.415 boto lortu ditu (%20,48) eta PPk, 1.117 (%9,47%). IU-LV berriz, 530 boturekin (4,49%).

Abstentzioa %33,44-ekoa izan da. Hori horrela, bozen %100 zenbatuta dagoela, hauek dira 2011ko hauteskunde orokorretako emaitzak Arrasaten (Kongresua). Ikusi emaitzen grafikoa:

Emaitzok alde galanta dute 2008ko hauteskunde orokorren emaitzekin alderatuta, izan ere, orduko hartan, hauek izan ziren emaitzak:

PSOE: 4.311 boto (%39,96)

EAJ: 2.450 boto (%22,7)

PP: 1.122 boto (%10,40)

EB-B: 922 boto (%8,55)

Aralar: 629 boto (%5,83

Abstentzioa: 7.483 (%40,70)

Datozen lau urteetakorako argazki politikoa mahai gainean dago. Zuen iritzi eta balorazioen zain geratzen gara, blog honetan bertan edo Arrasateko Facebookeko orrialdean.

Hauteskunde orokorrak Arrasaten: zuzenean jarraituko ditugu!

2011(e)ko Azaroak 16 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Azaroaren 20an 2011eko hauteskunde orokorrak izango ditugu eta udal eta foru hauteskundeekin egin genuen bezala, adi jarraituko dugu Arrasaten gertatzen dena. Oraingoan ere interesgarritzat jo dugu gau horretan Arrasateko hauteskunde orokorren emaitzak, grafikoak barne, unean-unean jakinaraztea. Ikusmin handia eragin du hauteskunde gauak, eta ziur gaude, giroa gori-gori egongo dela.

18:00etatik aurrera gertatzen den guztia jarraituko dugu Arrasateko blog honetatik eta Facebookeko orrialdetik: jazoerak, balizko emaitzekin egindako porrak, eta… hauteskunde orokorren emaitzak Arrasaten. Betiko moduan, zuen iruzkin eta ekarpenen zain gaude; horiek ere, hurrengo egindako post batean bilduko ditugu eta.

Zuen apustuak pentsa ditzazuen, hemen dituzue 2011ko udal hauteskundeen emaitzak Arrasaten:

Bildu:  4.726 boto

EAJ: 2.114 boto

PSE: 1.903 boto

Aralar: 771 boto

PP: 748 boto

Eta 2008ko hauteskunde orokorren emaitzak:

PSOE: 4.311 boto (%39,96)

EAJ: 2.450 boto (%22,7)

PP: 1.122 boto (%10,40)

EB-B: 922 boto (%8,55)

Aralar: 629 boto (%5,83)

Abstentzioa: 7.483 (%40,70)

Adi, hortaz, blog honetara eta Facebookeko komunitatearen orrialdera. Emaitzak jakin ahala, jakinarazten saiatuko gara eta, hala, 2011ko hauteskunde orokorren Arrasateko emaitzak ezagutuko ditugu.

Arrasateko Otamendi harategiko buzkantzak onenak San Martin egunerako

2011(e)ko Azaroak 11 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Arrasateko Otamendi harategiak irabazi du Zumarragako buzkantza lehiaketa. San Martin eguna data aproposa da ba horrelako berriak biltzeko ;-) Ummm… esaten duten bezain gozuak al dira buzkantza horiek? Baina horrez gain, beste hainbat gai ere izan dira berbagai Arrasateko Facebookeko orrian, hauxe da azken asteko gertakarien bilduma, hor doa!

Arrasateko Otamendi harategia buzkantza lehiaketako irabazle ARGAZKIA: Goierriko Hitza

Arrasateko Otamendi harategia buzkantza lehiaketako irabazle ARGAZKIA: Goierriko Hitza

Otamendi harro eta pozik ikus dezakegu argazkian eta ez da gutxiagorako, sorpresaz jaso baitzuen saria! Seigarrenean lortu du garaikurra, azken orduan izena emanda. Jose Ramon Otamendik, Iker Agirreurreta harakinarekin batera, urtero 250 bat kilo buzkantza prestatzen dituzte Garagartzako San Migel jaietarako, hona hemen albiste osoa. Hori bai parea!

Gaur ere, San Martin egunean, egingo al dute txarri-hiltea? Gaur da eguna, azaroaren 11a, herri egutegian txarria hilteko sasoiaren hasiera, gaurtik gabon bueltara arte. San Martin egunaren ganean badago makina bat esaera; batzuk eguraldiagaz lotuta daude, badago Egiazko negua San Martinetan hasten dala dioen bat eta baita, Negu ona izateko, San Martinetarako hiru biderrez edurra egin behar dauela dioen beste bat. Bata edo beste… hotza datorrela seguru! Eta San Martin aipatzeaz bat denori burura etorri zaizuen hori ere gogoan hartu… Txarri guztiei heltzen jake San Martin eguna. Bitartean, gaur egun aproposa da txorizo, odoloste edota buzkantza afaltzeko!

Bestalde, azken egun hauetan, Gurasolandia 2011 ekimenaren inguruan ere aritu izan gara. Umeak al dituzu? Eta euskaraz aritzen zara haiekin? Hala bada, interesgarria izango zen zuretzat Gurasolandia. Hirugarren edizioa izan zen azaroaren 2koa, izan al zinen bertan? Zer moduzkoa izan zen esperientzia? Kontaiguzu, baliteke zure kontakizunarekin bat baino gehiago animatzea hurrengorako! Horrez gain, Mondragon Unibertsitateko telebista ere ezagutu dugu asteon, MU telebista ezagutzen al duzu? Ea bertako kazetari eta teknikariak zer diozkuen Sut&Blai saioko bideo honetan:

Gaurkoz besterik ez, eskerrik asko Arrasateko Facebookeko orrian parte hartu duzuen guztioi. Badakizue nahi duzuen oro konta dezakezuela bertan: herriko albisteak, argazkiak, bideoak, ekintzak… zure elkartearen agenda ezagutarazi, ekimenetarako gonbidapena luzatu, zerbait proposatu… Zure zain gaude! Ongi pasa asteburua guztiok, laster arte!

Arrasaten etxe bat erre da telebistak eragindako sutearen ondorioz

2011(e)ko Urriak 28 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Arrasateko Zarugalde kaleko etxebizitza bat erre zen atzo arratsaldean sortuko sutearen ondorioz. Arrasateko orrian bildutakoari jarraiki, horixe izango da aste honetako laburpenaren lehen protagonista, has gaitezen!

Jesus Elorduik partekatu du atzo arratsaldean sorpresaz harrapatu gintuen albistea, hementxe irakur dezakezue. Zarugalde kaleko etxe baten azken soilaruan piztu zen sua eta kaltetuek kontatu dutenez, telebistan izan zuen sorburua. Bertan bizi zen bikotea onik atera zen, sua piztu bezain pronto ohartu omen ziren eta ziztu bizian alde egin zuten kalera. Hori bai, suak guztia erre du baina zorionez, ez du kalte pertsonalik eragin.

Musika kontuak zeharo errotuta daude gure herrian, horren adierazle aste honetan, ETB-3 kateko Sut&Blai saioan, Repelencia taldeari egindako erreportajea. Ikusi al dituzue Imanol, Unai eta Sergio? 12 urteko hirukoteak argi dauka musika atsegin duela eta ondo pasatzeko hartu dituztela instrumentuak eskuetan, a zer ekarria duten gainera! Hauekin etorkizuna ziurra izango da! :-D Hona hemen, Repelencia taldea Sut&Blain:

Duela astebete, urriaren 21ean, Arrasate eta inguruko emakumeentzat Kafe Tertulia antolatu zuen Emakume Txokoak Seber Altube plazan. Arratsaldeko 17:00etan izan zen hitzordua, feminismoaren ekarpenak eta erronkak izan zituzten berbagai. Zer deritzozue ekimenari, bertaratu al zineten? Zuentzat zeintzuk dira arrasaten lehentasunez garatu beharreko erronka feministak?

Arrasateko erronka feministen inguruko kafe tertuliaren kartela

Arrasateko erronka feministen inguruko kafe tertuliaren kartela

Eta aste honetako laburpena amaitzeko Sustatuk argitaratutako albistea aukeratu dugu. Pasadan astean, Arrasateko orrian komentatu genizuen bezala, gure mugetatik kanpo ere interes handia eragiten du Mondragon korporazioak, horregatik, Ameriketako Estatu Batuetako Moving Images produktora independenteko hiru kazetari kooperatibak bisitatzen aritu dira azken egunetan eta dokumentala egingo dute. Hementxe albiste osoa irakurgai.

Gaurkoz besterik ez, jakizue datorren astean berriz ere bilduko ditugula Arrasateko Facebookeko orrian esandako guztiak. Orain, zuena da hitza! Elkarbanatu albisteak, argazkiak, kexak, iradokizunak… nahi duzuena. Parte hartu! Bitartean, ongi pasa asteburua arrasatearrok, batzuentzat luzea izango da gainera ;-) Ongi izan eta laster arte!

Arrasate eta inguruko emakumeentzat Kafe Tertulia antolatu du Emakume Txokoak urriaren 21ean, ostirala, Seber Altube plazan. Arratsaldeko 17:00etan izango da hitzordua, feminismoaren ekarpenak eta erronkak izango dituzte berbabide. Zer deritzozue ekimenari, zuentzat zeintzu dira arrasaten lehentasunezko erronka feministak?

Arrasate prest: 3,2,1… Maritxu Kajoi 2011

2011(e)ko Urriak 6 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Arrasateko Maritxu Kajoi 2011 jaia bihar da! Egitaraua, kartela eta kantua prest daude urriaren 7rako. Maritxu Kajoi batzordeko kideek elegante joateko eguna antolatu dute aurten ere eta egun baten faltan… arropak ere zain dauzkagu, bai ezta?

maritxu_kajoi_2011

maritxu_kajoi_2011

Egun hauetan zehar, Arrasateko orrialdean ere Maritxu Kajoi izan da protagonista. Beste behin iristear da egun handia eta arrasatearrak prest gaude biharko jai eleganterako. Aurten erregutu egin behar izan diogu piskat baina heldu da azkenean, zazpi urte dira ez zela horren berandu heltzen.

Atzo orrialdean partekatu bezala, eguraldi iragarpenak giro kaskarra aurreikusi du. Zeruan hodeiak nagusituko omen dira eta euria ere egin dezake hala ere, jaia izango da nagusi. Ana Martinek hala dio: ‘Arrautzak zeini bidali behar dira??? euririk ez!!!!‘ Guk ere horixe nahi genuke, baina arrasatearrok ez gara beldur, berokiak jantzi eta festara batuko gara. Hementxe uzten dizkizuegu iazko irudi batzuk, eta bihar ere, Luciak Arrasateko hesian esan bezala, dotore jantzita elkartuko gara, bai horixe!

Arrasateko Maritxu Kajoi 2011ko egitaraua bete-bete dago, ohi bezala ez dago etxetik ez urtetzeko aitzakiarik. Goizeko zortzietan hasiko da eguna etxafleruekaz eta goizaldeko ordu txikitararte izango da non gozatu. Oraindik zer eta non dagoen ez baldin badakizu, hementxe daukazu Maritxu Kajoi 2011ko egitaraua oso-osorik.

Aurten data borobila da, 35 urte beteko ditu jaiak, horregatik abesti berria egin diote arrasatearrek Maritxuri. Betiko Maritxu nora zoaz? kantu tradizionalaz gain, aurten Maritxu Kajoi kantue ere abestuko da biharko egunez. Horrexekin agurtuko dugu gaurko laburpena, zuek, atera argazki kamarak eta bidali Maritxu Kajoi 2011ko argazkiak eta oroz gain, ikaragarri ondo pasa biharko eguna. Gora Maritxu kajoi 2011! Gora Arrasate!!!

Arrasateko Maritxu Kajoi 2011ko egitaraua

2011(e)ko Irailak 29 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Kontsulta ezazu Arrasateko Maritxu Kajoi jaiaren 2011ko egitaraua eta kartela. Urriaren 7an izango da elegante joateko eguna eta honakoak antolatu dituzte Maritxu Kajoiko batzordeko kideek:

2011ko Maritxu Kajoiren kartela

2011ko Maritxu Kajoiren kartela

Egaukotxa 30, Nobenaixue (Maritxupeien 18:30etik aurrera)

Arrimetan zarien danondako primerako ardaue ta gaztaie. Bertan Maritxu Kajoin abesti barrixa aukeztukou, porronponpero!

Eguakotxa 7, Maritxu kajoi Eguna

08:00: Eguna ondo hasteko etxafleruek. Donostiakuek baño hobiek.

10:00: Parrokixan JMkJ jardunaldixen hasierie, Benetinto XVIII.a eta Rocco Varela porno-star-aren eskutik. Kondoiek ta botillak (botelloille eitteko badie bakarrik) bedeinkatuko dittue. Laikuendako, barrez, ostixak.

15:00: Mondraberri Vs Goiena, kazetarixen lehiaketa bukaerie ta sari banaketie. Akats ortografiko gutxien, guzur sinesgarrixena, photoshop muntaiaik hobiena ta igotako argazki kopurue ta abixerie izengo die irizpidiek.

17:30: Kale animaziñue. Herriko plazatik Seber Altube plazara txiki ta ez hain txikixendako. “Irrien lagunekin kanta eta dantza ikuskizuna”. (Eurixe bada Biteri plazan bukatuko da).

18:30: Konpartsa txikixek lora eskaintza egingo dutzo Maritxuri ta kalejiran abiatuko da kaliek animetako.

19:30: Oria Txarangak Arrasateko kaliek alaittuko dittue urtero letxe.

20:30: Mondraueko koadrilek Maritxuri einddako lora sorta eskaintza.

00:00: Dantzaldia herriko plazan Luhartz taldien eskutik.

01:00: Atxabaltako peaje barrixen inauguraziñue. Jaixetako kontzertuek ordainketako Atxabaltara doiezen kanpotarrek bidesarixe ordainddu biheko daue. 8,91 € ta eskapularixuaz erdi preziuen.

Abixuek:

Eskapulaixue txintxilik ta dotore jantzitte urten deigun danok. Maritxu ez da Cibeles.

Maritxuk asko eskerketan dittu lorak, danok moduen. Animau kuadrilla danok Maritxupeien lorak jarten!

Zorionak oñatiarrei, hango jabie Cayetana Fitz-James Stuart, Alba-ko dukesa ezkonketan da-ta.

Goguen hartu Mondrauen EZ dogula onartuko JARRERA SEXISTAIK.

Espero dou jaixe gure herriko preso ta iheslarixekin laster zelebretie. Ez gaz danok.

Aurten, abestia ere prestatu dute. Goienaren eskutik, hemen duzue entzungai.

Arrasateko 2011ko San Juan jaiak gori-gori

2011(e)ko Ekainak 24 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Arrasaten San Juan jaietan murgilduta gaude bete-betean eta Arrasateko horma ere horrexen islada izan da egunotan. Giroan soma zitekeen aldartea bero-bero zegoela iada, atzokorako prest. Ikaragarria izan zen atzokoa, a ze jendetsa eta giro paregabea!

Laburpena hasteko Beñat Mendietak Arrasateko horman partekatu zuen albistea ekarri behar dugu lerrootara. Aste bukarean motorrak berotzen hasteko egindako hainbat ekintzetako batean izan zen Beñat, hain zuzen ere, haur dantzarien egunean. 300 ume inguru bildu ziren plazan egun hartan, hona hemen albistea eta bertan dantzaldiko argazkiak.

Asteartean berriz, umeen txanda heldu zen, beno eta ez hain umeena baita ere. Izan ere, ehunka umek eta guraso zein aiton amonek primeran pasa baitzuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin Monterron parkean. ‘Ongi etorri Pupu eta Lore’ ikuskizuna eskani zuten, hona hemen Olatz Gartziak mondraberri web gunean aurkitutako argazkietako bi, gainontzeko argazkiak ikusteko edota albiste osoa irakurtzeko hemen.

arrasate-pirritx porrotx-1

arrasate-pirritx porrotx-1

arrasate-pirritx porrotx-2

arrasate-pirritx porrotx-2

Ba al dakizue Arrasateko San Juan jaietan abesten dugun ereserkia 1930 ingurukoa dela? Urte hura baino lehen, jarraian datorren bideoan ikus-entzun dezakezuena abesten zuten gure arbasoek, baina berau, berriaren eraginez baztertua izan zen azkenean. Ane Zabalak ekarri digu historiako pasartetxoa Arrasateko orrira. Zuek ba al zenuten kantu honen berri?

Badakizue onena hasi besterik ez dela egin, Arrasateko San Juan jaietako egitaraua begiratzea nahikoa da, aurretik, ekintzaz betetako hiru egun dauzkagula ohartzeko. Baina egunotan indarrak biltzen aritu gara eta eguraldia ere lagun izango dugu… mundiala izango da! Joseba Uriartek proposamen musikala utzi digu gaurko Arrasateko orrian: Golden Apple Quartet. Eta ez doa bide txarretik, izan ere, herriko plazan Dragoi Jana egiteko elkartu eta gero musika izango da nagusi. Monterronen Golden Apple Quartet-ekoak arituko dira, plazan Ohian Vega-ren diskofesta, txosnagunean Skati, Disorders eta Kantuki arituko dira eta gaztetxean aldiz, Revolutionary Brothers. Eta bihar gehiago! Goza dezazuela! Gora Arrasate! Gora San Juan!