Artxiboa

‘haizetara jaialdia’rekin etiketatutako sarrerak

‘Haizetara’k musikaz beteko du Amorebieta-Etxano asteburuan

2011(e)ko Ekainak 21 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Amorebieta-Etxano ostiralean abiatuko den ‘Haizetara’ jaialdiaren zain dago; argazki eta poesia eder batzuekin, David Latxagak herriko alkatetzan jarraituko duelako albistearekin eta SD Amorebietaren entrenatzaile berriarekin batera (Asier Intxaurragak ordezkatuko du Alfono Barasoain), Amorebieta-Etxanok Facebook-en duen orrialdean hizpide izan dugu aipatutako jaialdia, oraintxe ikusiko dugunez. Orrialdearen jardueraren berri emango dizuegu jarraian.

‘Haizetara’ jaialdiarekin, Leire Bazkezen esanetan, “musikaz beteko zaizkigu herriko kaleak“. Leirek atzo partekatu zuen esteka bat, hauxe, asteburu honetan bertan bizi izango dugun ekitaldi horren ingurukoa. Seigarren aldiz dago antolatuta ‘Haizetara’.

Imanol Aragonek argazki ikaragarri bat partekatu zuen hesian, ekainaren 12an, eta, gainera, hitz eder batzuk gehitu zizkion irudiari. Antonio Ortegak, David Avilesek eta Eider Garaikoetxeak Imanolen eskainitakoa eskertu zuten. Hementxe duzue dena, argazkia eta poesia:

Argazkia: Imanol Aragon

Argazkia: Imanol Aragon

Maite ditut

maite

geure bazterrak

lanbroak

izkutatzen dizkidanean

zer izkutatzen duen

ez didanean ikusten uzten

orduan hasten bainaiz

izkutukoa…

nere barruan bizten diren

bazter miresgarriak

ikusten.

Mertxe Larruzeak oso argi zuen, eta Amorebieta-Etxano bihotzaren zati txikia dela esan zuen hesian. Hitz politak, zalantzarik gabe… eta guztiok sinatuko genituzkeenak ;-) . Patricia Alejandra Martinek ere, Buenos Airesetik, txakoli bat eta pintxo batzuk gurean dastatzeko aukera izatea espero duela iragarri zuen. Guk ere nahi dugu egitea, Patricia!!

Eider Garaikoetxeak joan den asteko astelehenean esan zuenez, ezusterik ez zen egon Amorebieta-Etxanoko Udala osatzeko egunean; David Latxagak alkatetzan jarraituko du, eta, hortaz, hirugarren aldiz egongo da postuan. Gogoratuko duzuenez, EAJko hautagaitzak zortzi zinegotzi lortu zituen maiatzaren 22ko hauteskundeetan, beste inork baino gehiago. Hauxe da Eiderrek hesian utzi zuen esteka, eta bertan aurkituko dituzue datu guztiak.

Asier Intxaurraga izango da, esteka honetan Beñat Mendietak esan zuenez, SD Amorebietaren entrenatzaile berria; berriztarra Alfonso Barasoainen ordez egongo da taldea zuzentzeko betebeharrean, azken honek Bigarren B Mailarako igoera lortu ostean. Jakina, zorterik handiena opa nahi diogu Asierri eta jokalari guztiei… eta espero dugu laster berriro zerbait ospatzeko izatea!! Aupa Amorebieta!!!

Azken hori esan zuen, gutxi gorabehera, Marta Lobatok hilaren 7an; “¡Aupa azules, esos ahí!” bota zien Amorebietaren jokalariei, ondorengo bideo hau ikusita: igoeraren ospakizunak, eta horren inguruko adierazpenak. Gozatu!!

Ane Goikoetxeak hilaren 1ean azpimarratu zuenez, erabat ezinbestekoa da pottokak zaintzea, “desagertzeko zorian baitaude“. Ekainaren lehen asteburuan protagonistak izan ziren animalia hauek gurean; Anek partekatutako albiste honetan datu guztiak eskaini zituzten.

Gogoratu nahi dizuegu, laburpen honekin amaitu aurretik, erronka bat jarri diogula geure buruari aurtengo Karmengo jaietarako; izan ere, 600 zornotzar bildu nahi ditugu, hesiaren inguruan, uztailaren 15erako… eta zuen laguntza behar dugu, jakina!! Une honetan, 90 bat lagun aurkitu behar ditugu (Amorebieta-Etxanokoak, jakina) geure helburua betetzeko. Anima zaitezte, eta gomendatu orrialdea Facebooken dauden zornotzar guztiei!! Denbora dago oraindik, eta lortuko dugu seguru ;-) . Hementxe dago erronka honen inguruko informazio zabalagoa.

Honenbestez emango diogu amaiera gaurko laburpenari; beti bezala, eskerrik asko, guztioi, gure herrian gertatzen denaz hitz egiteagatik, eta laster hementxe elkartuko garelakoan agurtzen zaituztegu. Besarkada bat!! Ondo izan!!