Artxiboa

‘David Latxaga’rekin etiketatutako sarrerak

‘Haizetara’k musikaz beteko du Amorebieta-Etxano asteburuan

2011(e)ko Ekainak 21 Libe Mimenza Iruzkinik ez

Amorebieta-Etxano ostiralean abiatuko den ‘Haizetara’ jaialdiaren zain dago; argazki eta poesia eder batzuekin, David Latxagak herriko alkatetzan jarraituko duelako albistearekin eta SD Amorebietaren entrenatzaile berriarekin batera (Asier Intxaurragak ordezkatuko du Alfono Barasoain), Amorebieta-Etxanok Facebook-en duen orrialdean hizpide izan dugu aipatutako jaialdia, oraintxe ikusiko dugunez. Orrialdearen jardueraren berri emango dizuegu jarraian.

‘Haizetara’ jaialdiarekin, Leire Bazkezen esanetan, “musikaz beteko zaizkigu herriko kaleak“. Leirek atzo partekatu zuen esteka bat, hauxe, asteburu honetan bertan bizi izango dugun ekitaldi horren ingurukoa. Seigarren aldiz dago antolatuta ‘Haizetara’.

Imanol Aragonek argazki ikaragarri bat partekatu zuen hesian, ekainaren 12an, eta, gainera, hitz eder batzuk gehitu zizkion irudiari. Antonio Ortegak, David Avilesek eta Eider Garaikoetxeak Imanolen eskainitakoa eskertu zuten. Hementxe duzue dena, argazkia eta poesia:

Argazkia: Imanol Aragon

Argazkia: Imanol Aragon

Maite ditut

maite

geure bazterrak

lanbroak

izkutatzen dizkidanean

zer izkutatzen duen

ez didanean ikusten uzten

orduan hasten bainaiz

izkutukoa…

nere barruan bizten diren

bazter miresgarriak

ikusten.

Mertxe Larruzeak oso argi zuen, eta Amorebieta-Etxano bihotzaren zati txikia dela esan zuen hesian. Hitz politak, zalantzarik gabe… eta guztiok sinatuko genituzkeenak ;-) . Patricia Alejandra Martinek ere, Buenos Airesetik, txakoli bat eta pintxo batzuk gurean dastatzeko aukera izatea espero duela iragarri zuen. Guk ere nahi dugu egitea, Patricia!!

Eider Garaikoetxeak joan den asteko astelehenean esan zuenez, ezusterik ez zen egon Amorebieta-Etxanoko Udala osatzeko egunean; David Latxagak alkatetzan jarraituko du, eta, hortaz, hirugarren aldiz egongo da postuan. Gogoratuko duzuenez, EAJko hautagaitzak zortzi zinegotzi lortu zituen maiatzaren 22ko hauteskundeetan, beste inork baino gehiago. Hauxe da Eiderrek hesian utzi zuen esteka, eta bertan aurkituko dituzue datu guztiak.

Asier Intxaurraga izango da, esteka honetan Beñat Mendietak esan zuenez, SD Amorebietaren entrenatzaile berria; berriztarra Alfonso Barasoainen ordez egongo da taldea zuzentzeko betebeharrean, azken honek Bigarren B Mailarako igoera lortu ostean. Jakina, zorterik handiena opa nahi diogu Asierri eta jokalari guztiei… eta espero dugu laster berriro zerbait ospatzeko izatea!! Aupa Amorebieta!!!

Azken hori esan zuen, gutxi gorabehera, Marta Lobatok hilaren 7an; “¡Aupa azules, esos ahí!” bota zien Amorebietaren jokalariei, ondorengo bideo hau ikusita: igoeraren ospakizunak, eta horren inguruko adierazpenak. Gozatu!!

Ane Goikoetxeak hilaren 1ean azpimarratu zuenez, erabat ezinbestekoa da pottokak zaintzea, “desagertzeko zorian baitaude“. Ekainaren lehen asteburuan protagonistak izan ziren animalia hauek gurean; Anek partekatutako albiste honetan datu guztiak eskaini zituzten.

Gogoratu nahi dizuegu, laburpen honekin amaitu aurretik, erronka bat jarri diogula geure buruari aurtengo Karmengo jaietarako; izan ere, 600 zornotzar bildu nahi ditugu, hesiaren inguruan, uztailaren 15erako… eta zuen laguntza behar dugu, jakina!! Une honetan, 90 bat lagun aurkitu behar ditugu (Amorebieta-Etxanokoak, jakina) geure helburua betetzeko. Anima zaitezte, eta gomendatu orrialdea Facebooken dauden zornotzar guztiei!! Denbora dago oraindik, eta lortuko dugu seguru ;-) . Hementxe dago erronka honen inguruko informazio zabalagoa.

Honenbestez emango diogu amaiera gaurko laburpenari; beti bezala, eskerrik asko, guztioi, gure herrian gertatzen denaz hitz egiteagatik, eta laster hementxe elkartuko garelakoan agurtzen zaituztegu. Besarkada bat!! Ondo izan!!

2011ko udal hauteskundeen emaitzak Amorebieta-Etxanon

2011(e)ko Maiatzak 22 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Aurreko urteetan bezala, David Latxaga Amorebieta-Etxano Udalerako EAJren hautagaiak eskuratu ditu boto gehien 2011ko udal hauteskundeetan (8 zinegotzi). Aldaketa, bigarren postuan jazo da: Bilduk bozen ia % 35 erdietsi du eta 7 zinegotzi. Hori horrela, PSE-EE da orain hirugarren indar, 1.059 boto lortuta eta 2 zinegotzi. Segidan, PP, EB-Berdeak eta Aralar, 454, 389 eta 280 boto eskuratuta, baina ordezkaririk gabe.  Gauzak horrela, litekeena da David Latxaga izatea Amorebieta-Etxanoko alkatea; hori bai, udal-gobernuaren erabakiak aurrera ateratzeko beste alderdien babesa lortu beharko du.

14.068 lagunek dute botoa emateko eskubidea Amorebieta-Etxanon. Horietatik, %58 joan dira gaur bozkatzera. Abstentzioa, beraz, XXX izan da. Hala, botoen %100 zenbatuta, Amorebieta-Etxanon udal haustekundeen emaitzek argazki hauxe utzi dute Bizkaiko herrian:

EAJ: 8 zinegotzi, 3.910 boto.

Bildu: 7 zinegotzi, 3.282 boto.

PSE-EE: 2 zinegotzi, 1.059 boto.

PP: 0 zinegotzi, 454 boto.

EB-Berdeak: 0 zinegotzi, 389 boto.

Aralar: 0 zinegotzi, 280 boto.

Datuak alderatu nahi izatera, horra, baita ere, Amorebieta-Etxanon 2007ko udal hauteskundeen emaitzek utzitakoak.

Emaitzak mahai gainean daude. Honen kontura, berririk edo aldaketarik egongo balitz, guk, adi-adi jarraitu eta dena kontatuko dizuegu, blog honetatik eta Facebookeko gure kontutik.

Euri jasa gogorra, eta Jose Maria Azkuna Erresidentzia Amorebietan

2011(e)ko Martxoak 18 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Euri jasak, Jose Maria Azkuna erresidentzia, kirola, bizikidetza astea, edota zuhaitz landaketa dira aste honetan Amorebietako kontu nagusiak.

Urak dakarrena, urak daroa, eta aste honetako errepasoari ekiteko, asteazkeneko eurite gogorra ekarriko dugu gurera. Zuri ere kalte egin bazizun, esaguzu eta herrian gertatukoaren berri izango dugu bertatik bertara. Jakina, laguntza behar izanez gero ere hemen duzu eskaera egiteko txokoa ere. Ibaizabal ibaiak gainezka egin du N-634 errepidean, Galdakao eta Zornotza artean eta errepidean arazoak sortu ditu, euriteen bideoa uzten dizuegu. Suposatzen dugu, zu ere, Eider Garaikoetxearen iritzi berekoa izango zarela, berak horrela utzi baitzuen hesian: ‘Ai ama, ke pasada!’


Bestalde asteon Arraibi auzoan inauguratu berri den Jose Maria Azkuna erresidentzia hartuko dugu hizpide, Imanol Aragonek ere horren berri eman baitigu. Pertsona nagusientzat da, eta bere iritziz, inguruan ezinbestekoa den azpiegitura da, gero eta gehiagok behar izaten baitute zerbitzu hori. Dependentzia handia duten adineko pertsonei zuzenduko da. Inaugurazio ekitaldian izan zirenak ere aipatu zigun Imanolek; Jose Luis Bilbao, Bizkaiko ahaldun nagusia, Zornotzako alkatea den David Latxaga, eta baita gizarte ekintzako foru diputatua den Juan Maria Aburto. Hauekin batera, IMQko kontseilari delegatua den Jose Andres Gorricho eta Santiago Canales zuzendari gerentea ere izan ziren ekitaldi berezian. Erresidentzia zelakoa den ikusi ahal izateko, Imanol Aragonek argazkiak atera ditu eta baita hesian jarri ere, asko eskertu diogu egindako lana, gainera Leire Berrojalbizek zera gaineratu du: ‘Seguir mejorando el pueblo. Da gusto!’. Imanol Aragonek erresidentziaren inguruko informazio zabala eman digu, eta baita erresidentziari Jose Maria Azkuna izena zergatik jarri zaion azaldu ere. Zornotzarra zen bera eta Arribi auzoan zegoen 3.000 metro koadro baino gehiagoko orubea Amorebietako udalari utzi zion herrian horrelako zentro bat egiteko asmoarekin, beraz, bere izena jarri diote erresidentzia berriari.

Amorebieta.Jose Maria Azkuna erresidentzia. Argazkia:Imanol Aragon

Amorebieta.Jose Maria Azkuna erresidentzia. Argazkia:Imanol Aragon

Zornotzako ekitaldi berezi horretaz gainera, kirol kronika ere jaso dugu komunitateko hesian Ane Zabalari esker: ‘Amorebietak 1-2 irabazi zuen Leioaren kontra jokatutako partidan eta dagoeneko lehenengo postutik gertu gaude! Hoberenak gara!’ Horixe baietz, aupa Zornotza! Bertan utziko dugu datu gehiago jasotzeko esteka.

Gogoan izan, hesian ere aipatu genuela, gaur bertan amaituko dela Bizikidetzaren Astea Zornotzan. Hemen dituzue ekitaldien egitaraua. Ekitaldiz beteriko astea izaten ari da, eta gaur bertan auditorioan film laburrak proiektatuko dira, bukaeran, sari banaketa eta argazki guztiak erakutsiko dira.

Bukatzeko, udaberriari begira jarriko gara, asteazkenean Maite Bazterretxeak ostegunean zuhaitzak landatzeko eguna izango zela gogorarazi baitzigun. Horrez gainera, aste honetan bertan Zornotza eta Peruko gazteek konexioa egin dutela ere esan zigun Maitek, aipatutako konexioan kontsumo erantzulea izan zuten hizpide. Honatx informazioa.

Bukatzeko, Koldo Areitio Olabarriren berbak: ‘Aupa Zornotza …Palentziatik’ baita Fermin Areitiorenak ere: ‘Ba zoriontzekoa da, momentuz 465 lagun izatea orrialde honetan’.

Hurrengo astean laburpen berria eta urtaro berria izango duzu, seguru gaude, Zornotzako orrialdeko hesia lorez beteko dela, eta baita gure herriko bloga ere. Ondo izan eta eskerrik asko zuen parte hartzeagatik.