Gauzainak, Emakume selekzioak, AHT-ren kontrakoak Leginetxeko baserrian…
Eguerdion danori!

Amorebieta-Etxano. Argazkia:Jesus Lejarza
Ostiral on! eta horretaz gainera, baita asteburu on esateko moduan gara. Eguraldiari dagokionez primerako iragarpena jaso dugu uneotan; asteartea bitartean eguraldi bikainaz gozatzeko aukera izango dugu eta termometroak egunetik egunera igotzen joango da.
Amorebieta-Etxanoko horman jasotako emarien laburpena prest dugu eta hemen doa zuontzat.
Hasteko, albiste pozgarri bat ekarri nahi izan dugu, Zornotza-Aretoko erabiltzaileentzat Zelaietako parking-ean ordubete doan izateko aukera dute. Krisiari aurre egiteko oso neurri interesgarria iruditu zaigu.
Liburuaren eguna pasatu da, eta jarraian museoen nazioarteko eguna ospatuta, Zaldibarren liburuak eskuz esku pasatu zirela jakin dugu asteon. Orue eskolan ikasitakoa praktikan jarriko dute Ezkurdin. Zornotzako Lanbide Heziketako Orue eskola ikastetxeak, domeka honetan, maiatzaren 16a, 2 eta 6 urte bitarteko umeentzako tailerrak antolatuko ditu Ezkurdi plazan. Tailerrak birziklatutako materialagaz egingo dituzte, Orue eskolan Haur Hezkuntzako Goi mailako zikloa egiten dabiltzan ikasleek zuzenduta. Ez dago zertan aurrez izena eman eta hurbiltzen direnentzako doan izango dira. Euria izango balitz, Andra Mariko eleizpean antolatuko lukete tailerra.
Albiste pozgarriekin jarraituko dugu, izan ere, langabetuen ametsa lana lortzea bada, eta gautxori bazara zorionekoa zara. Zortzi langabe kontratatu ditu Udalak gauetan zaintza-lanak egiteko. Talde Independienteko Gobernu taldeak jakitera eman duenez, gaur hasiko dira herriko zortzi lagunok beharrean. Gobernuaren oharrean azpimarratzen denez, “diru-sarrerak berreskuratu ahalko dituzte langabeek, eta lapurretak gutxitu egingo dira”.
Kirol dosia ere prest dugu: Euskadi, Katalunia, Galizia eta Lituaniako emakumezkoen selekzioak elkarren kontra asteburuan. Katalunia da faborito, baina iazko aldian Euskadik menderatu egin zituen. Aurten ere sorpresa ematen saiatuko dira.
Artista handiak egon badaudelako eta aurtengo kartela egiteko ideia zoragarria baduzu…Durangoko Liburu eta Disko Azokaren kartela aukeratzeko lehiaketa zabalik dagoela jakinaraztera gatoz. Asteartean hasita, uztailaren 15a artekoa da 2010eko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragarriko duen kartela hautatzeko Gerediaga elkarteak deitu duen lehiaketan parte hartzeko epea. Epaimahaiak hautatzen duen lanaren egileak, 1.300 euroko saria jasoko ditu.
Aste batek askorako ematen duenez…orain zorigaitzeko albistea: Euskal mendizale baten gorpua aurkitu dute Europako mendietan.
Athleticeko jokalariak Urkiola igo dira, ohiturari jarraituz.
AHTko kontrako plataformak Amorebieta-Etxanoko baserri bat okupatu du. AHT Gelditu! plataformak astelehenaz geroztik, Leginetxe auzoan espropiatutako baserri batean daude, Abiadura Handiko Trenaren lanen kontrako ekintzetako bat da azken hau. Baserri honetako bizilagunak etxetik atera zituzten igarotako apirilean eta laster baserria botako dute biaduktu bat egiteko
Gaiaz erabat aldatuko dugu eta Jauregiberrian burutuko den Klimaren gaineko tailerraren iragarkia ekarri dizuegu.
Eskerrik asko guztiagatik eta laster arte.
Asteburu on-ona pasa dezazuela.





Zure iritzia