Zer oparitzen dut?, Zergatik oparitzen dut?, Zertarako oparitzen dut? 
Olatz Elizondo.
Eguberria gero eta gertuago dago; haurrak dituzten guraso eta lagunek, eta festa hau ospatzen dutelarik eta opariak egiten dituztelarik, opariak erosteko momentuan beraien zalantzak azaltzen dituzte (halako zalantzak urtebetetzetan ere izaten dituzte baina egun hauetako eskaintzaren “booma” dela eta handiagotzen dira), halako galderak egiten dira: Zer da egokia erostea?, Oparia jolasteko edo hezteko tresna bat da?
Lehenengo erosi edo ez erosi erabaki behar dugu, ohituta ez bagaude ere, jostailuak birziklatzea edo partekatzea ere posible baita.
Erosi haurretik pentsatu.
Oso garrantzitsua da haurraren adina kontuan hartzea, horren arabera garatzen baitira gaitasun batzuk .
Oparia erosi edo egitearen momentuan, haurraren izaera ere kontuan izan behar da.
Haurrek sortzeko gaitasuna landu behar dute, daukatena baloratzen ikasteko. Jostailuak, etorkizunean erabilgarri izango diren baloreak ezagutzen lagundu behar dio haurrari: partekatzea, taldean jolastea, erlazionatzea…
Beste alde batetik, proposatzen dizuet, oparien bitartez gauza positiboak transmititzen saiatzea.
Niretzako oso garrantzitsua den zerbait aipatu nahi nuke, hau da, umeak jolasten ari direnean helduok bertan izatea, jokaera bat indartzeko edo sendotzeko aukera ematen baitu horrek, hezi, erakutsi, harremanetarako trebetasunak irakatsi, erregulazio emozionaleko adibideak eman…
Jostailuen bidez hainbat balio transmititzen dizkiegu haurrei. Gurasoak, izeba-osabak, aiton-amonak, ez gara laguntzaile soilak; hezitzaileak ere bagara.
Heziketa Emozionalaren eta Adimen Emozionalaren barnean, alderdi nagusi bat konpetenzia sozio-emozionalak dira. Giza garapenaren eta bizitzarako prestakuntzaren oinarrizko alderdi baitira, eta joko eta jolasak oso tresna egokiak dira konpetentzia hauen garapenerako. Helduok, hau guztia kontuan izanda, presente egonda eta haurrekin joko eta jolasetan erlazionatuz, konpetentzia sozio-emozional hauek garatu eta bulkatu ditzakegu, honekin batera, ziur nago, emozio ezberdinak landu ditzakegu, bai haurrarenak bai gureak ere.
Hala, bai haur, gazte eta heldu animatu nahi zaituztet jolastera, konpartitzera eta gozatzera!
Uste duzu joko eta jolasak konpetentzia emozionalak lantzeko tresna egokiak direla ?
